Hogeitalauren logoa

HOGEITALAU

Nortzuk gara Zer egiten dugu Kontaktatu

Nortzuk gara

Bolondres gisa arituta, askotariko herritarrez osaturik dagoen elkarte irekia gara. Euskalzaletasuna, hezkuntza eta kultura dira gure akuiluak eta jomugak, eta nork bere esperientzia baliatuz, aisialdi eta kultura-ekimen erakargarriak eskaini nahi ditugu gure udalerrian.

Non gaude

Aiarako irudi enblematikoa den Garobel mendizerra

Aiara-Herrin aurkituko gaituzu. Ingurua ezagutzen ez baduzu, hona xehetasun batzuk:

Aiara Arabako mendebaldean dagoen landa eremuko udalerria da. 24 herri txikik osatzen dute, oso esparru zabalean sakabanatuta agertzen direnak (guztira 140,4 km2-ko azalera hartzen du). Horietatik bik baino ez dute 150 biztanle baino gehiago: Arespalditzak, udalerriko administrazio-hiriburua; eta Luiaondok, biztanle kopuruan handiena dena. Azken hau izan ezik, beste guztiak Amurriotik Artziniegarako bidean topatuko dituzu.

Aiararen kokapena Euskadiko mapan

Noiz eta nola sortu zen elkartea

Aipatu dugun dispertsioa horren handia izaki, zaila da biztanleen arteko harremanak eta kultur ekintzak sustatzea gure eremuan. Eta hori eragozpen handitzat hartu dugu beti euskararen normalizazioan eragiteko.

Horrek guztiak ekarri zuen 2.000 urtean Hogeitalau euskara elkartea sortzea.

Zer nahi dugu

Sortu ginenetik Aiarako euskal herritarrak elkartzeko guneak eskaini nahi izan ditugu. Gero eta jende gehiagok adierazten du euskaraz hitz egiteko besteko maila, batez ere 25-30 urtetik behekoen kasuan, baina horrek ez du islarik izan erabilera datuetan.

Gure jardueraren helburua erabilera sustatzea da, eta horretarako kultur ekintzak euskaraz antolatzen ditugu udalerriko hainbat herritan adin guztiei begira.